Nafarroak %2,6ko defizit-tasa adostu du 2020an

Foru Gobernuak Madrilgo Gobernuarekin adostu du defizitaren erreferentziazko tasa %2,6koa izango dela 2020an eta %2,2koa 2021ean.

Horrela adostu da Espainiako Estatuaren eta Nafarroaren arteko Hitzarmen Ekonomikoaren Koordinazio Batzordean, astelehen honetan telematikoki egin dena, 2020ko eta 2021eko defizitaren eta zorraren erreferentzia-tasak finkatu dituena.


Akordioa Madrilgo Gobernuak bi ekitaldi horietarako arau fiskalak ohiz kanpo bertan behera uztea erabaki ostean sinatu dute, Europako Batzordeak onartutakoaren ildotik, administrazio publikoei pandemiaren aurka borrokatzeko behar duten malgutasuna emateko helburuarekin.


Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez, lortutako akordioak %2,6ko erreferentziazko defizit-tasa bermatzen du 2020an, bi administrazioen artean adostu zen kopurua, eta %2,2koa 2021erako.


Akordioan jasotzen denez, Espainiako Gobernuak kontuan hartu du 2020an jarduera ekonomikoak behera egitearen ondorioz izandako diru-sarreren jaitsieraren eraginaren balorazioa, covid-19ak eragindako pandemiaren ondorioz.

ATI © 2020

Webgune hau eta bertako eduki guztiak, copyright lizentzia baten mende daude