Oñatiko institutuko irakasle bat hil da lan-istripu batean

Auto bat gidatzen ari zen emakume bat hil da GI-2630 errepidean, Oñati parean, kamioi batekin talka eginda.

Auto bateko gidaria hil egin da ostiral honetan GI-2630 errepidean, Oñati parean, kamioi batekin talka eginda, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.


Ezbeharra 07:55 aldera gertatu da, oraindik ikertzen ari diren arrazoiengatik, kamioi batek eta auto batek talka egin dutenean, GI-2630 errepideko 20. kilometroan.


Ertzaintza eta osasun-langileak bertaratu dira, baina ezin izan dute ezer egin bertan hil den gidariaren bizia salbatzeko.


LABek ohartarazi duenez, biktima Oñatiko Zuazola-Larraña BHIko irakaslea zen, eta istripua lanera zihoala gertatu da; beraz, lan-istripua izan da in itinere. "Aurten 48 langile hil dira eta Joaquinek desagertuta jarraitzen du Zaldibarko zabortegian", gaineratu du.


"Argi daukagu lan-istripuak ez direla halabeharrak edo kasualitateak eragindakoak, lan-harremanen, prekarizazioaren, lan-araudiaren eta behin-behinekotasunaren ondorio baitira. Aurten dena izan da berezia, konfinatuta egon gara eta, hala ere, iazko datuekin alderatuta, lan-istripu hilgarri gehiago izan dira. Izan ere, 2019an 46 langile hil ziren, eta aurten, urtea amaitu gabe, 48 dira hildakoak eta 1 desagertutakoak. Argi dago ez dutela osasuna eta bizitza gal ez dezagun neurririk jartzen ", adierazi du.


"Lanetik onik itzultzeko eskubidea dugu, eta borroka eta antolakuntza dira izurrite honekin amaitzeko bide bakarra, gizarte osoarena", azpimarratu du. "Lan harremanen eta joko arauen aldaketa batetik etorriko da aldaketa, eredu berri bat gauzatu behar dugu, langileen bizitza eta osasuna lehenetsiko dituen eredu bat", gaineratu du sindikatuak.

ATI © 2020

Webgune hau eta bertako eduki guztiak, copyright lizentzia baten mende daude