Oroimen historikoaren iragana gogora ekartze zikloa Ataunen


Burgosko Prozesuari buruz hitzaldia egingo du Itziar Aizpuruak gaur, Ataunen.
Memoria Historikoaren zikloak ostiralean segiko du, Lauaxeta-Lorca bikoan oinarritutako ‘Ele’ antzezlanarekin. Euskal Herriko politikaren azken 60 urteko tektonika bortitzean, lurrikara handienetako bat 1970ean izan zen, Burgosko Prozesua deituriko gerra kontseiluarekin. ETAko 16 kide epaitu zituen Espainiako Armadak, eta eman zituen sententzia odoltsuek (9 heriotza zigor tartean), herria suhartu zuten.

Ataunen, oroimen historikoaren Iragana gogora ekartzen zikloan, gaur oroituko dute Burgosko epaiketa, testuingurua eta ondorioak. Bere azalean bizi izan zuen Itziar Aizpuruak Burgos 1970. Herri bat auzitan hitzaldia egingo du, Aia auzoko Erroipe aterpean, 19:00etan.

Burgosen auzipetutakoen artean, bi ataundar zeuden: Unai eta Jone Dorronsoro Zeberio anai-arrebak. Heriotza zigorra jarri zioten Unai Dorronsorori, eta 50 urteko espetxeratzea Jone Dorronsorori.

Burgosko Prozesuaren epaiketa 1970eko abenduaren 3an hasi zen. Geroz eta indar handiagoa hartzen ari zen gizarte oldarraldiaren eta ETAren ekina suntsitze aldera, 1.953 lagun atxilotu zituzten urte hartan.

Lortu nahi zuenaren kontrako efektua izan zuen Espainiako Gobernuarentzat, ordea. Prozesuaren garaian, bai aretoan bertan, bai kanpoan, protesta eta errefusa ekintza ugari izan ziren. Herriaren eta nazioartearen presioaren ondorioz, heriotza zigorrak kartzelarekin konmutatu zituzten, azkenean.

#Memoriahistorikoa #EuskalHerria #LauaxetaLorca #ETA #Ataun #Aia #Burgos #UnaiDorronsoroZeberio #JoneDorronsoroZeberio

ATI © 2020

Webgune hau eta bertako eduki guztiak, copyright lizentzia baten mende daude