Osakidetzako erizain bat hil da koronabirusaz kutsatuta

52 urteko emakumeak 6 egun zeramatzan ospitaleratuta Bizkaiko zentro batean eta bart hil da.

Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Nekane Murga Osasun sailburuak agerraldia egin dute gaur eguerdian, koronabirusaren bilakaeraren berri emateko. Bere lehen hitzak bart hildako Osakidetzako erizaina gogoratzeko izan dira sei egunez Bizkaiko ospitale batean egon ostean. Lehendakariak eta sailburuak dolumina helarazi diete familiari, lankideei eta Osakidetzako profesional guztiei galera horrengatik. "Koronabirusaren hedapena geldiarazteko egiten ari zareten lana eredugarria da, eta zuen konpromisoa eredugarria da gizarte osoarentzat", adierazi du Urkullu Lehendakariak.


Euskadin beste 217 COVID-19 kasu erregistratu dira. Beraz, kutsatutakoak guztira 1.190 dira (horietatik 455 ospitalizatuta daude). Hildako pertsonak 53 dira, atzo baino 13 gehiago. Lurraldeka, honako hau da banaketa:


- ARABAN, 621 kasu zenbatu dira, eta horietatik 224 ospitalizatuta daude.

- BIZKAIAN 393 lagun daude kutsatuta, eta horietatik 117 ospitalizatuta.

- GIPUZKOAN 176 positibo daude, eta horietatik 54 ospitalizatuta daude.


PREBENTZIOA INDARTZEKO APLIKAZIO SOZIAL BERRIA


Eusko Jaurlaritza mugikorrerako aplikazio bat lantzen ari da, kasuen prebentzio-, jarraipen- eta identifikazio-lana indartzeko. Pertsonak erregistratu ahal izango dira, hurbilen dituzten kontaktuak txertatu ahal izango dituzte eta haien osasun-egoera erregistratu ahal izango dute.


Aplikazio hori aurrerapausoa izango da, Osasun Publikoaren arloa epidemiologia-lanarekin egiten ari den lana indartzen duelako, bai eta asistentzia-eremurako ere. Pertsonak prebentzio-neurriez eta haien osasun-egoeraren jarraipenaz kontzientziatzen ere lagunduko du.


Horrelako aplikazioak beste herrialde batzuetan baliagarriak direla frogatu duten tresnak dira, eta Osasunaren Mundu Erakundearen jarraipen eredua lantzen du, baita Gaixotasunak Kontrolatzeko Europako Zentroa edo Korean erabiltzen dena. Euskadi lanean ari da euskal enpresa batek Osasun Sailarekin eta Osakidetzarekin elkarlanean garatutako aplikazio sozial horretan. Beraz, lankidetza publiko-pribatuaren ondorioa da.


Tresna hori datorren astean egongo da eskuragarri, eta medikuntzako eta datuen babeserako berme guztiak izango ditu.

Har itzazu kontuan osasun agintariek Koronabirusa saiheste aldera emandako gomendioak zeintzuk diren. Kaleratzen diren albiste faltsuak egonda ere, agintari eta profesionalek emandako gomendioei egin behar diezu kasu. Gai honen inguruan zalantzak baldin badituzu edo bidaia baten ondoren sintomak baldin badituzu, Osasun Kontseiluak eskaintzen dizun telefono zenbakira dei zenezake: 900 20 30 50 (EAEn) eta 948 290 290 (Nafarroan). Ez ezazu ahaztu COVID-19 gaitza ez hedatzeko, etxean geratzea duzula onena eta beharrezko kasuetan soilik ateratzea. Eskuak sarri garbitzea ere gomendagarria da eta sintomak dituzun kasuetan, ahoa estaltzeko maskarak ere erabil ditzakezu, batez ere adineko pertsonekin harremanetan baldin bazaude.


#Ataun #Irratia #AtaunIrratia #Albistea #Gizartea #Koronabirusa #Osakidetza #EuskoJaurlaritza #SegurtasunSaila #OsasunSaila #EuskalHerria #Euskadi #Gipuzkoa #Bizkaia #Araba #Nafarroa #IparEuskalHerria #Espainia #Mundua #IñigoUrkullu #NekaneMurga

ATI © 2020

Webgune hau eta bertako eduki guztiak, copyright lizentzia baten mende daude