Osasun-alerta, sesamo-aleetan produktu kantzerigeno baten hondakinak agertu ondoren

Pirinio Atlantikoetako Departamentuak ohar bat kaleratu du gaur arratsaldean, kontsumitzaileei eta merkatariei zaintza areagotzeko.

Pirinio Atlantikoetako prefeturak ohar bat igorri du abenduaren 2an, eta, bertan, alez edo sesamo-haziz egindako produktuen kontsumitzaileei eta merkaturatzaileei zaintza zorrozteko eskatu die; izan ere, produktu kimiko baten hondakinak agertu dira, etileno oxidoa, Indiatik inportatutako loteetan.


Etileno oxidoa gai kantzerigeno, mutageniko eta erreprotoxiko (CMR) gisa sailkatuta dago, eta, beraz, Europar Batasunean debekatuta dago 2011tik erabiltzea. Material hori elikagaiak babesteko edo esterilizatzeko erabiltzen da.


Nahiz eta orain arte Frantziako agintariek ez duten aipatu alerta horren inguruko intoxikazio kasurik, Pirinio Atlantikoetako prefeturak azaldu duenez, Frantzia EB mailan hartutako neurriak aplikatzen ari da jada, eta kontrol indartuak ezarri ditu sesamo-aleen inportazioetan eta loteak kentzean, bai lehengaien kasuan, bai produktu landuen kasuan.


Sesamo-kontsumoak nabarmen egin du gora azken urteotan garatutzat jotako herrialde gehienetan, neurri handi batean osasunerako dituen onurak nabarmentzen dituzten kanpainengatik, bereziki kolesterol-mailak jaisteko dietei dagokienez, eta, ondorioz, produktu ugaritan sartzen da.


Izan ere, gaur jakinarazitako alerta ehun bat produkturi dagokie, hala nola, gozogintza, opil industrialak, plater aurrekonizatuak edo zopak eta saltsa industrialak.


Ipar Euskal Herria barne hartzen duen sailean 75 kontrol egin dira, eta horietan, prefeturaren oharrean adierazten denez, irregulartasun batzuk antzeman dira, bai apalategietako lote guztiak kendu ez direlako, bai kontsumitzaileei ohartarazteko kartelik jarri ez zaielako, osasun-alerta indarrean dagoen bitartean kontu handiz ibiltzeko.

ATI © 2021

Webgune hau eta bertako eduki guztiak, copyright lizentzia baten mende daude