PSEk eta EH Bilduk aurrekontu akordioa itxi dute Eibarko Udalean

EH Bildu abstenitu egingo da hilaren 15eko osoko bilkuran, PSEren esku dagoen Eibarko tokiko gobernuarekin akordio bat lortu ostean.

EH Bilduk aurrekontu akordioa iragarri du ostegun honetan PSErekin Eibarko Udalean. Talde soberanistak azaldu duenez, "Akordio honek elkarrizketarako eta akordioak lortzeko dugun gaitasuna berresten du, eta herritarren bizi-kalitatea hobetzen du; izan ere, gure proposamenek osagai sozial handia izaten dute beti". EH bilduko zinegotziak abstenitu egingo dira hilaren 15eko osoko bilkuran, tokiko Gobernuarekin zuzenketa sorta bat adostu ostean; besteak beste, 500.000 euroko partida bat izango da, ostalaritzan, saltoki txikietan eta industrian enplegua mantentzeko diru-laguntza lerro bat finantzatzeko. "Krisi honetan okerren dauden sektoreei laguntza zuzenak ematearen aldekoak bagara ere, eta orain arte horrela proposatu eta babestu baditugu ere, oraingoan laguntza horiek pertsonengan eragin zuzena izatea nahi genuen, beren lanpostuei eusteko orduan. Argi geneukan beste talka-plan bat baldin bazegoen, eh Bilduk eta bere ikuspegi sozialak hor egon behar zutela", esan dute zinegotziek, eta talka-planari gehitutako neurrien balioa azpimarratu dute, 1,4 milioi euroko balioarekin. Gainera, "Azkenean" Andretxeak leku "ikusgarri eta zabala" izango duela azpimarratu dute, "Egiten duen lanak merezi duen lekua". "Emakumearen Mahaiaren eta mugimendu feministaren eskaria da, eta uneoro izan dugu buruan. Hemendik gure zorionak, Andretxea berria laster errealitate bihurtuko delako", gaineratu dute. Halaber, azpimarratu dute PSErekin adostu dutela herriko basoak kudeatzeko plan jarraitua egitea, kronograma eta guzti". "Gure mendien itxura aldatzen ari da gure begien aurrean eta martxa behartuan. Horregatik uste dugu kudeaketa plan bat garrantzitsua dela, Udalak lur pribatuak erosteko edo lur horien jabeekin etorkizunean erabilera hitzarmenak egiteko atarikoa izango den plan bat", gaineratu dute.

ATI © 2021

Webgune hau eta bertako eduki guztiak, copyright lizentzia baten mende daude