Tapia: “Hemendik aurrera, agintea konpartitua izango da, Lehendakariak eskatu bezala”

Datorren krisi ekonomikoari aurre egiteko gobernu eta plan sendoak beharko direla gaineratu du Tapia sailburuak.

ETB1eko Egun On Euskadi saioan elkarrizketa egin diote gaur Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari. Espainiako presidenteak eskatuko duen alarma egoera luzatzeko proposamenari baietz esango dio gaur Eusko Alderdi Jeltzaleak Madrilen, baina orain arteko aginte bakarraren formula aldatuta. Akordio horren harira, Tapia sailburuak aurrerantzean agintea partekatua izango dela adierazi du, elkarrizketan: “Autonomia erkidego bakoitza ezberdina delako, eta guk geure berezitasunen araberako neurriak hartu behar ditugulako”. Zentzu honetan, oso modu positiboan baloratu du lortutako akordioa, eta azpimarratu du erabaki guztiak osasun datuei erreparatuta hartuko direla. Edonola ere, eta datuak xehetasun osoz, eta maila guztietan (udal, bailara, lurralde…) aztertuko badira ere, “Guretzat unitatea Erkidegoa da, jende asko mugitzen baita lurralde batetik bestera, lanerako, adibidez”. “Euskadin Bizi Berri plana daukagu, non egoera berriari aurre egiteko gure planteamendua jasotzen dugun. Eragile ezberdinekin konpartituko dugu planteamendu hori”. Osasun krisiak krisi ekonomiko sakona utziko digu, eta horri aurre egiteko “Gobernu sendoa eta Legebiltzar berria” beharko direla esan du sailburuak. Horren harira, hauteskundeak egitearen garrantzia nabarmendu du, eta - Lehendakariak esan bezala-, uztaila garai ona izan daitekeela berretsi du. “Hori izan litekeelako pandemiaren eragina maila txikienean egongo den unea”. Gainera, “egoera gehienez urriaren 25era luzatu daiteke, eta orduan egoera zein izango den ez dakigu”. Tapiak adierazi du mundu mailan krisialdiari aurre egiteko formulak oso antzekoak ari direla izaten: “Diru likidezia bermatu egin da, eta pizkunde horretan kontsumoaren alde egin behar da; kontsumoa sustatu behar da maila guztietan. Renove planak, bono kulturalak, etab”. Gainera, mahai gainean jarri du ikerketak eta teknologiak duten garrantzia: “Ikerketa eta teknologia ezin ditugu alde batera utzi, mundu mailan behar bezala lehiatzeko”. COVID19aren ondorioz eratorritako egoerak hornidura katea bermatzearen garrantzia areagotu du, eta sailburuaren arabera “ezin dugu hornidura herrialde bakar batean izan; dependentzia leku bakarrekoa izatea arazoa da, dibertsifikatu egin behar dugu. Garrantzitsua da hornidura katea hurbilekoa ere izatea”.

Har itzazu kontuan osasun agintariek Koronabirusa saiheste aldera emandako gomendioak zeintzuk diren. Kaleratzen diren albiste faltsuak egonda ere, agintari eta profesionalek emandako gomendioei egin behar diezu kasu. Gai honen inguruan zalantzak baldin badituzu edo bidaia baten ondoren sintomak baldin badituzu, Osasun Kontseiluak eskaintzen dizun telefono zenbakira dei zenezake: 900 20 30 50 (EAEn) eta 948 290 290 (Nafarroan). Ez ezazu ahaztu COVID-19 gaitza ez hedatzeko, etxean geratzea duzula onena eta beharrezko kasuetan soilik ateratzea. Eskuak sarri garbitzea ere gomendagarria da eta sintomak dituzun kasuetan, ahoa estaltzeko maskarak ere erabil ditzakezu, batez ere adineko pertsonekin harremanetan baldin bazaude.


#Ataun #Irratia #AtaunIrratia #Albistea #Gizartea #Koronabirusa #Osakidetza #EuskoJaurlaritza #SegurtasunSaila #OsasunSaila #EuskalHerria #Euskadi #Gipuzkoa #Bizkaia #Araba #Nafarroa #IparEuskalHerria #Espainia #Mundua #ArantxaTapia #Eitb #Etb #Etb1 #EgunonEuskadi #IbanGarate

ATI © 2020

Webgune hau eta bertako eduki guztiak, copyright lizentzia baten mende daude