Trafiko Zuzendaritzak eskatzen du kontuz ibiltzeko udako irteera eta itzulera operazioan

Asteburu honetan eta abuztuko lehenengoan trafikoa areagotzea espero da, udako irteera eta itzulera operazioak elkartuko baitira.

Osasun-krisi globalak baldintzatu duen udako irteera/itzulera operazio berezian areagotu egin da Euskadi barruko trafikoa eta Euskaditik inguruko autonomia-erkidegoetara doana. Nazioarteko joan-etorriak, aldiz, intentsitate txikikoak dira, Marokok bertan behera utzi baitu Itsasartea Zeharkatzeko Operazioa, eta oraingoz, gainera, itxita baitu lehorreko muga. Hala eta guztiz ere, Trafiko Zuzendaritzak operazio berezi bat du prestatuta, Afrikako herrialdeak muga irekitzea erabakiko balu ere.


“Oraingoz, Euskadiko errepideetan hauteman dugu barruko trafikoa eta inguruko autonomia-erkidegoetara doana areagotu direla. Marokok lehorreko muga irekiko balu eta Afrika iparraldera doazen ibilgailuak Euskaditik igarotzen hasiko balira, Trafiko Zuzendaritzak beharrezko neurriak hartuko lituzke puntu estrategikoetan zirkulazioa arintzeko. Bestalde, aurten seinaleak osatu dira eta liburuxkak argitaratu dira COVID-19ari aurrea hartzeko osasun-gomendioak bete behar direla gogorarazteko”, adierazi du Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak.


Aurreko urteetan bezala, aurtengo udan ere Euskadiko errepide-sarea zeharkatzen ari dira Europa iparraldetik Portugal hegoaldera doazen ibilgailuak. Hain zuzen ere, nazioarteko trafikoa kontuan izanda, Trafiko Zuzendaritzak 5.000 liburuxka argitaratu ditu ingelesez, frantsesez, arabieraz, euskaraz eta gaztelaniaz higiene-neurriak gogorarazteko: urruntze soziala, maskara erabiltzea eta eskuak garbitzea. Liburuxka horiek AP-8ko eta AP-1eko zerbitzuguneetan ari dira banatzen, eta, gainera, mezu bera hedatzeko seinaleak ere jarri dira inor kutsa ez dadin, leku horietan jendea pila daitekeela aurreikusita.


Horrez gainera, informazio-mezuen panelak eta Trafiko Zuzendaritzaren kanal guztiak, www.trafikoa-eus web-orria, TrafikoaEJGV APPa, Twitterra eta 011 telefono-zenbakia (24 orduz erabilgarri dagoena), erabiliko dira informazioa emateko.


Uztaileko azken asteburua eta abuztuko lehenengoa, gorabeheratsuenak


Aurreikusten da Euskadiko errepideetan datorren asteburua izango dela gorabeheratsuenetako bat, abuztuko lehenengoarekin batera, oporraldiko irteera-trafikoa eta oporrak uztailean gozatu dituztenen itzulerakoa elkartuko baitira.


Irteera-operazioko astebururik kritikoenetan trafikoa arinagoa izan dadin, Trafiko Zuzendaritzak seinaleztapen-operatibo bereziak ditu aktibatuta. Armiñongo lotunean, eta Arabako Foru Aldundiarekin lankidetzan, behin-behineko seinaleen bidez gomendatuko da A-1en paraleloan doan N-1eko ordezko bidea erabiltzea Argantzun eta Armiñongo AP-1erako sarbidearen artean.


Behin-behineko balantzea


Udako operazio berezia hasi zenetik, 5 pertsona hil dira Euskadiko errepideetan (3 Bizkaian eta 2 Gipuzkoan), iazko aldi berean baino bi gehiago.


Trafikoari dagokionez, irteera operazioaren lehenengo fasean ez da gorabehera handirik izan. Tokiko trafiko-dentsitate handieneko lekua A-8 autobidea izan da, Bizkaitik Kantabriarako noranzkoan. Uztailaren 3an eta 10ean 16 kilometrora arteko ilarak sortu ziren, batetik, ibilgailu ugari pilatu zirelako errepidean eta, bestetik, hainbat istripu gertatu zirelako Saltacaballo eta Mioño inguruan.


Araban eta Gipuzkoan ez da gorabeherarik izan irteera-operazioan, hain zuzen ere, gutxitu egin direlako nazioarteko joan-etorriak.


Sentsibilizazio-kanpaina


Istripuak gutxitzeko helburuarekin, Trafiko Zuzendaritzak beste sentsibilizazio-kanpaina bat jarri du abian ‘Berriro ateratzea / Volver a salir’ izenburupean, eta gidatzean arduratsuak izateko eskatzen du mugikortasuna murriztuta izan ondoren.


Prebentzioaren aldeko kontzientzia hartzea funtsezko estrategia da istripuen tasak murrizteko, indarrean dagoen Trafiko Zuzendaritzaren 2015-2020 aldiko Bide Segurtasuneko Plan Estrategikoan jasota dagoen moduan.


Aurtengo kanpaina irrati, telebista eta sare sozialen bidez hedatzen ari da, eta gidariei eta gizatalde zaurgarriei zuzenduta dago.


Gomendioak


Trafiko Zuzendaritzak gomendatzen du bidaiari ekin aurretik errepideen egoera kontsultatzea 011 telefono-zenbakian, www.trafikoa.eus webgunean, @TrafikoaEJGV Twiterreko kontuan edo TrafikoaEJGV APPan.


Bidaiari hasiera eman aurretik:

  • Ibilgailua egoera onean dagoela ziurtatu, eta pneumatikoak, argiak, balaztak, haizetako garbigailuak, ispiluak… eta abar baldintza onean daudela egiaztatu.

  • Ez egin otordu oparorik, logura saihesteko.

  • Alkoholaren eta drogen kontsumoa saihestu. Sendagairen bat hartuz gero, ziurtatu ez duela gidatzeko garaian ondoriorik.


Errepidean:

  • Abiadura eta gidatzea trafikoaren eta errepidearen inguruabarretara egokitu, eta beti jarraitu Ertzaintzako agenteek adierazten dutenari.

  • Segurtasun-tarteak gorde.

  • Atseden hartu bi orduz behin edo 200 kilometroz behin.


Gainerako gidariak errespetatzea funtsezkoa da errepidean. Zuhurra izan behar da eta lasai hartu behar da, garrantzitsuena baita sufritu gabe eta istripurik eragin gabe iristea helmugara eta itzultzea etxera, Trafiko Zuzendaritzaren ‘Berriro ateratzea / Volver a salir’ sentsibilizazio-kanpainak gogoratzen duen bezala.

Har itzazu kontuan osasun agintariek Koronabirusa saiheste aldera emandako gomendioak zeintzuk diren. Kaleratzen diren albiste faltsuak egonda ere, agintari eta profesionalek emandako gomendioei egin behar diezu kasu. Gai honen inguruan zalantzak baldin badituzu edo bidaia baten ondoren sintomak baldin badituzu, Osasun Kontseiluak eskaintzen dizun telefono zenbakira dei zenezake: 900 20 30 50 (EAEn) eta 948 290 290 (Nafarroan). Ez ezazu ahaztu COVID-19 gaitza ez hedatzeko, etxean geratzea duzula onena eta beharrezko kasuetan soilik ateratzea. Eskuak sarri garbitzea ere gomendagarria da eta sintomak dituzun kasuetan, ahoa estaltzeko maskarak ere erabil ditzakezu, batez ere adineko pertsonekin harremanetan baldin bazaude.


#Ataun #Irratia #AtaunIrratia #Albistea #Gizartea #Politika #Koronabirusa #Osakidetza #EuskoJaurlaritza #SegurtasunSaila #OsasunSaila #EuskalHerria #Euskadi #Gipuzkoa #Bizkaia #Araba #Deseskalatzea #Normaltasunberria #TrafikoZuzendaritza #Trafikoa #Errepidea #Uda #Oporrak #SoniaDíazdeCorcueraRuizdeOña

ATI © 2020

Webgune hau eta bertako eduki guztiak, copyright lizentzia baten mende daude