Urdaibai Biosfera Erreserba, Euskadiko lehen gune babestua

Urdaibai Biosfera Erreserba izango da Euskadiko lehenengo gune babestua turismo-helmuga jasangarri gisa egiaztatzen denean.

“Akreditazio hori ekoturismoaren arloko abiaburuetan oinarriturik dagoen turismoa garatzeko ibilbide-orria da, ingurumena, gizartea eta ekonomia errespetatzean oinarritua. Gainera, aukera emango du helburu hori nazioartean ezagutarazteko eta, hartara, haren kontserbazioaren eta lurraldearen garapen iraunkorraren arteko orekaren alde egiteko. Hala, eskualde hori Euskadin erreferentziazkoa den kalitateko turismo-leku arduratsu eta seguru gisa bultzatzeko aukera emango du”, adierazi du Nicolas García Borreguero zuzendariak.


Urdaibai TJEGra atxikitzeko ekimenak Urdaibai Erreserbaren kudeaketaren alorrean eskumena duten administrazioen inplikazioa izan du, bai eta Busturialdeko eskualdeko turismo-enpresarien lankidetza ere. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren mendeko Urdaibai Biosfera Erreserbaren Zerbitzuak eta Urremendi Landa Garapenerako Elkarteak gidatutako parte-hartze prozesua da. Gainera, Bermeoko, Mundakako eta Gernikako turismo-bulegoen, Basquetour Euskadiko Turismoaren Euskal Agentziaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta TOURDAIBAI Urdaibaiko Turismo Jasangarrirako Elkartearen lankidetza aktiboa ere izan da, bai eta gizarte zibilaren parte-hartzea ere, Foro Iraunkorraren bidez.


TJEG hiru fasetan egituraturik dago, eta lehenengoaren hasieran abiarazi zuen Urdaibai Biosfera Erreserbak hautagaitzaren dosierra egiteko partaidetza-prozesua. Dosier hori honako hauek osatzen dute: turismoak arloan duen egoeraren diagnostiko batek, turismo jasangarria eta kalitatezkoa sustatzeko helburuak dituen estrategia batek eta datozen 5 urteetan garatzeko ekintza-plan batek. Dokumentuak egiteko, Urdaibai Biosfera Erreserbak hiru laguntza-talde izan zituen: Turismo Jasangarriaren Foro Iraunkorra, Gutunaren Lantaldea eta Mahai Teknikoa.


Foro iraunkorra partaidetza- eta eztabaida-organo bat da, eta turismo-sektoreari loturik dauden eragile publiko eta pribatu guztiekin lan egitea ahalbidetzen du. Foro hori funtsezkoa da ekintza-plana behar bezala ezartzen dela bermatzeko, bai eta lurraldearen garapen turistikoan modu koordinatuan lan egiteko ere, jasangarritasuneranzko partaidetza-irizpideak oinarri hartuz. Bestalde, lantalde murritzagoa eta operatiboagoa da lantaldea, lurraldeko turismoko eragile nagusiek osatua, halako moldez non eragile horiek atxikipenerako eskatzen diren dokumentuak egiteaz arduratzen baitira. Azkenik, Mahai Teknikoa arduratzen da prozesu osoan aholkularitza teknikoa emateaz.


Turismo Jasangarriaren Europako Gutuna


TJEG ekimenak turismoaren garapena sustatzea du helburu, jasangarritasunaren ikuspegitik. TJEG borondatezko metodo eta konpromisoa da turismo jasangarriaren abiaburuak aplikatzeko, eta jasangarritasunaren aldeko apustua egiten duten lurraldeetako kudeatzaileei eta enpresei estrategiak elkarrekin parte hartuz definitzeko orientazioa ematen die.


Gaur egun, TJEGi atxikitako 168 gune daude, 20 herrialdetan banatuak. Akreditazio horrek onura hauek dakartza, besteak beste: Europan, turismo jasangarriaren arloan bikaintasun-lurraldea izatea; garapen sozioekonomiko orekatua bultzatzea; eta kalitatezko produktu turistikoak garatzea, ingurunearekiko benetakoak eta koherenteak diren produktuak alegia.


Urdaibai, Euskadiko Biosfera Erreserba


Urdaibai Biosfera Erreserba izendatu zuen UNESCOk 1984an, Eusko Jaurlaritzak proposatuta, bertako ingurumen-balio handia mantentzeko eta erreferentziazko jasangarritasunerako lurralde bilakarazteko, gizarte-mugimendu handi baten ondorik. Oka ibaia eta hango padurak dira Erreserbaren erdigune nagusi, eta ingurumen-balio handiko paisaia osatzen dute. 22.000 hektareako lurralde hori Matxitxakotik Arboliz puntara doa, eta Oizen du hegoaldeko muga. Gutxi gorabehera 45.000 pertsona bizi dira bertan, historiaz, kulturaz, gastronomiaz eta natura-ondareaz oparo beteriko 22 udalerritan banatuta.


#Ataun #Irratia #AtaunIrratia #Urdaibai #Turismoa #EkoTurismoa #TurismoJasangarria #Biosfera #GuneBabestua #NicolasGarcíaBorreguero #EuskalHerria #Euskadi #Bizkaia #Ingurumena #Natura #Kostaldea

ATI © 2020

Webgune hau eta bertako eduki guztiak, copyright lizentzia baten mende daude