Urkullu: "Datuek aurreko ostiralean aurreratutako ikuspegi positiboa berresten dute"

Lehendakaria Euskadiko Babes Zibileko Planaren zuzendari bakar gisa laguntzen dion aholku-batzordearen bileraren buru izan da.

Iñigo Urkullu lehendakaria Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) zuzendari bakar gisa laguntzen dion Aholku Batzordearen bileraren buru izan da gaur goizean. Batzorde hori koronabirusak sortutako egoerari aurre egiteko sortu zen. Bertan izan dira Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburu eta Jaurlaritzaren bozeramaileJosu Erkoreka, Osasun Sailburu Nekane Murga, Segurtasun Sailburu Estefanía Beltrán de Heredia; Araubide Juridikoaren Sailburuorde Sabino Torre, Osasun Sailburuorde Iñaki Berraondo eta Segurtasuneko Sailburuorde Josu Zubiaga. Hauekin batera, hiru lurralde historikoetako Ahaldun Nagusiak, Ramiro González, Unai Rementeria eta Markel Olano, Eudeleko Presidente Gorka Urtaran eta Gobernuaren Ordezkari Denis Itxaso izan dira. Bileraren helburua egoera aztertu eta koronabirusa geldiarazteko hartu beharreko neurri berriak adostea izan da. Lehendakariak nabarmendu du egunero jasotzen diren datuek aurreko ostiralean aurreratutako ikuspegi positiboa berresten dutela: kutsatuen kopuruaren bilakaera hobetzen doa; ospitaleetako altak igotzen jarraitzen dute; eta Zainketa Intentsiboetako Unitateetan oheen okupazioa egonkortu da; nahiz eta heriotzen datuek gogor kolpatzen jarraitzen duten. Heriotza asko egoitzetan dauden adinekoen kasuan gertatzen direnez, Lehendakariak lau erreferentzia-unitate berri sortu direla jakinarazi du, 389 plazarekin, egoitzetan birusa duten gaixoen kudeaketa zentralizaturako pentsatuta. "Hau da gure lehentasun nagusietako bat. Gure arreta guztia eta kezka guztia adinekoen egoitzetan ", adierazi du. Maskarak eta test azkarrak erabiltzea edo sintomarik gabeko pazienteak hartzeko azpiegituren zerrenda osatzea bezalako gaiak gizartean nolabaiteko kezka sortzen ari diren testuinguru batean, Lehendakariak argitu du jada Espainiako Gobernuari hiru gai horiei buruzko definizio argia eskatu zaiola, Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioekin bat etorriz. "Ziurgabetasuna sor dezaketen eztabaidak ireki aurretik, galderei erantzuna eman diezaieketen irizpide argi eta kontrastatuak ezarri behar direla uste dut", gaineratu du. Lehendakariak azaldu duenez, orain "Normaltasunerako Itzultzeko Plana" prestatzen ari dira. Plan horrek osasun-, hezkuntza-, ekonomia-, gizarte- edo kultura-arloak barne hartzen ditu, eta, Lehendakariaren ustez, plan partekatua izan behar du, erkidego bakoitzaren berezitasunak eta Europar Batasunak eta munduko beste herrialde batzuek hartutako neurriak kontuan hartuko dituena. Era berean, Lehendakariak euskal gizarte osoa erakusten ari den elkarlanerako aparteko gaitasuna nabarmendu du. "Lankidetzak balio objektibo estrategikoa du krisi honek planteatzen dizkigun beharrei erantzuteko, eta erresilientzia eta gainditze espiritu kolektiboa berresten duen balio subjektiboa", zehaztu du.

Har itzazu kontuan osasun agintariek Koronabirusa saiheste aldera emandako gomendioak zeintzuk diren. Kaleratzen diren albiste faltsuak egonda ere, agintari eta profesionalek emandako gomendioei egin behar diezu kasu. Gai honen inguruan zalantzak baldin badituzu edo bidaia baten ondoren sintomak baldin badituzu, Osasun Kontseiluak eskaintzen dizun telefono zenbakira dei zenezake: 900 20 30 50 (EAEn) eta 948 290 290 (Nafarroan). Ez ezazu ahaztu COVID-19 gaitza ez hedatzeko, etxean geratzea duzula onena eta beharrezko kasuetan soilik ateratzea. Eskuak sarri garbitzea ere gomendagarria da eta sintomak dituzun kasuetan, ahoa estaltzeko maskarak ere erabil ditzakezu, batez ere adineko pertsonekin harremanetan baldin bazaude.


#Ataun #Irratia #AtaunIrratia #Albistea #Gizartea #Koronabirusa #Osakidetza #EuskoJaurlaritza #SegurtasunSaila #OsasunSaila #EuskalHerria #Euskadi #Gipuzkoa #Bizkaia #Araba #Nafarroa #IparEuskalHerria #Espainia #Mundua #IñigoUrkullu #NekaneMurga #JosuErkoreka #EstefaníaBeltrándeHeredia #SabinoTorre #IñakiBerraondo #JosuZubiaga #RamiroGonzález #UnaiRementeria #MerkelOlano #GorkaUrtaran #DenisItxaso

ATI © 2020

Webgune hau eta bertako eduki guztiak, copyright lizentzia baten mende daude