Urrutikoetxea lesionatu egin da eta Bengoetxea Lau t 'erdiko finalerdietarako sailkatu da

Bizkaitarrak min hartu zuen igandean jokatu zen Binakako finalean eta ez da "kaiola"n jokatzeko moduan egongo.

Mikel Urrutikoetxeak (Baiko) ezin izango du Lau t 'erdikoa jokatu igande honetan Binakako Txapelketako finalean, Aimar Olaizolarekin batera Ezkurdia eta Martijaren aurka galdu baitzuen (22-13).


Zaratamoko aurrelariak — eta batzuetan atzelariak — lesioa aztertu du medikuarekin, eta asteburu honetan ez jokatzea erabaki du.


Txapelketa honetako araudiaren arabera, "Fase honetarako sailkatutako pilotari batek final-laurdenetako fasean bere partida jokatzeko aukerarik izango ez balu, aurre egin beharko liokeen pilotaria automatikoki sailkatuko da hurrengo faserako". Gauzak horrela, "Kaiolako" final-laurdenetan bere aurkari izango zena, Oinatz Bengoetxea, zuzenean finalerdietara pasako da. Aurrelari nafarrak Iker Irribarria 22-16 bota zuen.


Lesio honek asteburuko programazioa nahasi du. Danel Elezkanok eta Jokin Altunak igandean Eibarko Astelenan jokatu behar zuten partida larunbatean jokatuko da Urrutikoetxea-Bengoetxearen ordez.


Beste lesio batek Lau t 'erdikoa nahastu du. Kasu honetan, Joanes Bakaikoak esku minez amaitu zuen atarikoa jokatu ondoren, eta oraindik berreskuratu ez duenez, bere lekua Beñat Urretabizkaiak hartuko du.


Ikaztegietako atzelariak Elordiren aurka jokatuko du ostiralean Bizkaia pilotalekuan.


Kasu honetan, Baikoren arabera, "MLLk ezarritako araudiaren arabera, pilotaria ordezkatzea posible da, oraindik ez baita txapelketa hasi".

ATI © 2021

Webgune hau eta bertako eduki guztiak, copyright lizentzia baten mende daude