Zubizarreta III eta Albisu 22-13 gailendu dira Ataunen jokatutako debutean

Zubizarreta III eta Albisu 22-13 emaitza markagailuan utzita atera dira Bengoetxea VIaren eta Arangurenen aurka jokatutako partidan.

Ez da partida batere makala izan Bengoetxea VI-Aranguren eta Zubizarreta III-Albisu artean jokatutakoa gaur arratsaldean Ataunen. Auzoeta Udal kiroldegiko harmailak bete-beteta agertu dira bikote ataundarra animatu eta emaitza bikaineko partida utzi ahal izateko.


Partidaren lehen txandan, 10 eta 2 jarri dira aurretik ataundarrak markagailuan. Indartsu hasi da bikotea, baina horrek ez du lasaitasunerako batere girorik ekarri. Zubizarretaren hitzetan herritarren babesa sentitu du eta horrek asko lagundu badio ere, aurkari gogorrak izan dituzte ondoan.


12 eta 4ko emaitzarekin berriz, lehen atsedenaldira iritsi dira. Albisu bera ere gogor aritu da gaurko honetan etxean eta horrek ere emaitzan eragin nabarmena erakutsi du. Atzelari lanetan aditu da beti bezala eta Zubizarreta berriz aurrelari lanetan.


Markagailua 22 zenbakitik gero eta gertuago zen unean, tentsioa izan da nagusi bai pilotarien artean eta baita harmailetako ikusle guztien artean ere. Erabakiaren azken tantoak ordea, ikuslegoaren poza erakarri du markagailuan 22 eta 13ko emaitza utzita. Gauzak horrela, Zubizarreta III eta Albisu izan dira garaile larunbat honetan Ataungo Auzoeta Udal Kiroldegian jokatutako debutean.


Gaurko partidak, irudi ikusgarriak utzi dizkigu inolako zalantzarik gabe. Ataun Irratiko kideok bertan izan gara eta hemen uzten dizkizuegu horietako batzuk:

Azken hilabeetako koronabirusaren pandemiak ere ez du egoera batere erraztu; musukoaren erabilera eta gel hidroalkoholikoa derrigorrezkoak izan dira kiroldegiaren barruan ere. Bihar, igandea, Iraitz Zubizarretak eskainitako elkarrizketa entzuteko aukera izango da Ataun Irratiko Nahikoa da saioan 10:30tatik aurrera.

ATI © 2020

Webgune hau eta bertako eduki guztiak, copyright lizentzia baten mende daude